martes, 9 de marzo de 2010

"Donejakue Bidea" DBHko 2. etaparako materiala.

Oraingo honetan Curriculum-aniztasunerako (Dibertsifikazio Curricularra) «Done Jakue Bidea» proiektua aurkeztu nahi dizuet. Materiala euskaraz dago eta bi esparru lantzen dira.
Egileak Malu Diaz Leno-k, Ipintza institutuko curriculum-aniztasuna taldeko irakasleak, hizkuntza-gizarteko esparruan eta Igone Kazalis-ek, Arrasate institutuko curriculum-aniztasuna taldeko irakasleak, zientifiko-teknologikoko esparruan dira. Otsailaren bukaeran Eibarko Berritzeguneak antolatutako saio batean aurkeztu zuten bere proposamena irakasleen aurrean.
Egileen hitzak erabiliko ditut proiektua aurkezteko:

"Proposatzen dizuegun bidaia hauxe da: bizikletaz, 10 etapatan eta bide frantsesari jarraituz, gauza ugari ikasten lagunduko digun bidaia birtuala.

Aukeratutako gaia gaur egungo gizartean hain garrantzitsua den aisialdiarekin lotuta dago eta interesgarria iruditu zaigu gela barruan lantzen duguna aisialdi-proiektu didaktiko batekin erlazionatzea. Horrela, ikasleek dagokien zikloko edukien ikaskuntza esanguratsua izatea lortuko genuke, berehalako aplikazio bat egiteko aukera izanik.

Materiala 11 etapatan (0 etapatik 10. etapara) banatuta dago. Etapa bakoitzean, azkeneko biak kenduta, bi karpeta topatuko dituzue, bi esparruei dagozkienak, hain zuzen. 9. eta 10. etapetan esparruak joko baten inguruan elkartzen dira. Horretaz gain, gida didaktikoa ere hor duzue.

Animatu, eta bidaiatu gurekin."

No hay comentarios: